Ekintzailetza
Jarri martxan!

Busturialdeko X. Enpresa Ideia Lehiaketa 2023

Negozio ideiak aurkezteko epea 2023ko azaroaren 10ean bukatuko da, 14.00etan
  • 2023/10/09 - 2023/11/10
  • Busturialdeko Gazteria Zerbitzuetan
  • 9:00etatik 14:00etara, astelehenetik barikura

Bermeoko eta Gernika-Lumoko udaletako gazteria zerbitzuek eta Ajangiz, Arratzu, Bermeo, Busturia, Elantxobe, Ereño, Errigoiti, Foru, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka, Murueta, Muxika, Nabarniz eta Sukarrieta biltzen dituen Urremendi Landa Garapen Elkarteak, Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera, Busturialdeko X. Enpresa Ideia Lehiaketa abian jarri dute, hamargarren urtez jarraian. Lehiaketak enplegua sortu eta Busturialdeko gazteen ekintzailetza kultura sustatzea du helburu. Aurreko bederatzi edizioak kontuan hartuta, guztira 160 enpresa ideia eta enpresa aurkeztu dira.

Eskualdeko gazteak lan mundura sartzea ahalbidetzen duen ‘Lana bilatzea, Lana’ da programa Bizkaiko Foru Aldundiaren Gaztedi Busturialdea proiektuan kokatuta dago eta lehiaketaren edizio berri honek beren ideia berritzaileak abiatzeko eta enpresa ikuspegia saritzeko aukera eskaintzen die Busturialdeko gazteei.

Busturialdeko X. Enpresa Ideia lehiaketaren helburuak, besteak beste, Busturialdean kultura ekintzailea sustatzea, komertzialki bideragarriak diren zerbitzu eta produktuak garatze aldera; eskualdean enplegua eta aberastasuna sortzea eta Busturialdeko ekonomiaren garapena bultzatzea eta sustatzea dira.

Aurreko urteetan bezala, lehiaketan 18 eta 35 urte bitarteko gazteek edo gazte-taldeek parte hartu ahal dute, betiere, aurkeztutako enpresa ideia Busturialdean kokatzen bada. Zerbitzu edo produktu bat sortzeko ideiak edota 2023. urtean sortutako negozioak/enpresak izan daitezke, baina derrigorrez Busturialdean egon beharko dira, eta sustatzaileak/ek arestian adierazitako adin-betekizuna bete beharko du(te).

Epaimahaiak jarraian adierazitako irizpideak baloratuko ditu aurkeztutako proiektuetan:

  1. Ideiaren originaltasuna eta berrikuntza maila: balio erantsia edukitzea edota originala izatea.
  2. Talde edo norbanako ekintzaileak proiektua garatzeko dituen gaitasunak.
  3. Enplegua sortzeko aukera eta horien kalitatea.
  4. Negozioaren potentziala, garapen maila eta Busturialdean gauzatzeko bideragarritasun teknikoa eta ekonomiko-finantzarioa.
  5. Eskura dauden baliabideen aprobetxamendua, jasangarritasuna eta proiektuaren gizarte-erantzukizuna.
  6. Gizarte-eragina.

Lehiaketan parte hartu nahi dutenek datorren azaroaren 10ekoko 14:00ak arteko epea dute beren proposamenak aurkezteko. Sari-banaketa azaroaren 23an izango da, 19:00etatik aurrera, Sukarrietako BBK Kliman.

Irabazleak 3.000 euroko saria jasoko du, bigarrenak 2.000 eurokoa eta lehen sektoreari lotutako ideiarik onenak, aldiz, 1.000 euro jasoko ditu, aurreko sarietako baten bat jaso ez badu. Gainera, lehenengo eta bigarren sarituei, urtebetez doako usufruktuan lan egiteko lanpostu bat utziko zaie Arratzu Elkartegia Langunean. Era berean,  Torrealday Aholkularitzak doan emango dio irabazleari urtebeteko iraupena izango duen aholkularitza-zerbitzua (fiskala, lanekoa eta kontabilitatekoa), eta bigarrenari, ordea, sei hilabetekoa.

Aurten, gainera, hiru sari horietatik aparte, Ü-BAI Eskualdeko Garapen Ekonomikorako Planaren lau ardatz sektorialetara bideratutako enpresa edo enpresa-ideia onena ere sarituko da. Horrek 1.000 euroko saria eramango du, betiere aurreko sarietako baten bat jaso ez badu.

Ü-BAI Eskualdeko Garapen Ekonomikorako Planaren lau ardatz sektorialak honakoak dira:

  • Turismo Jasangarria.
  • Arrantza eta Elikadura.
  • Egurra Eraldatzeko Berrikuntza Gunea.
  • Garapen Teknologiko-Enpresariala.

Epaimahaiaren iritziz ideiek ez badute gutxieneko kalitate eta originaltasun mailarik, sariak (bat, batzuk edo guztiak) eman gabe gera daitezke.

 

Ü-BAI Eskualdeko Garapen Ekonomikorako Planaren lau ardatz sektorialetara bideratutako enpresak edo enpresa-ideia onena sarituko da aurten

Izen-emate orriak Bermeoko eta Gernika-Lumoko Udaletako Gazte Informazio Zerbitzuetan edo Urremendi Landa Garapen Elkarteko bulegoan jaso ahal dira. Gainera, web-orri honen bitartez ere deskargatu ahal dira, albiste honen bukaeran. Izen-emate orri horiek eta beharrezko dokumentazio guztia paperean aurkeztu beharko dira, 2023ko azaroaren 10eko 14:00ak baino lehenago.

2022ko ideia irabazleak

Joan zen urtean, HAZIBERRIAK, Iñigo Arruabarrenak (33 urte, Ibarrangelu. Nekazaritzako ingeniari teknikoa) bultzatutakoak izan zuen lehen saria, espazio naturalen diseinuan eta instalazioan oinarritzen zan ideia eta martxan dago jada.

Bigarren saria,URDAIBAI SURF CENTER (USC)proiektuak lortu zuen. Proposamenaren atzean Unai Romero zegoen(22 urte, Busturia. ADEko ikaslea). Irristatze-kiroletarako parke tematikoen ideiarekin lotutako kontzeptu berri bat aurketu zuen eta baita sortu eta marxtan jarri ere.

Bestalde, ETXETXU TOMATIEK proiektuak lehen sektorearekin lotutako ideiarik onenaren saria lortu zuen, tomateen salmentan oinarritzen zen enpresa-ideia bat, Jon Gerrikaetxebarriaren eskutik (32 urte, Gernika-Lumo).

Eta, amaitzeko, ZURESKU proiektuak esparru teknologikoko Start Up bat sortzeko edo garatzeko enpresa-ideia onenaren saria lortu zuen, Marta Bosquet (25 urte, Bilbo. ADE + Kontuen Ikuskaritzako Masterra), Nora Ercoreca (24 urte, Bilbo. Gradua Gizarte Hezkuntzan eta Kirola, Hezkuntza eta Bizikidetzan Masterra egiten) eta Mikel Gimenoren (24 urte, Bakio. Industria Ingeniaritzako ikaslea) negozio ideia zan.

Oinarriak

Lehiaketaren oinarriak eta izen-emate orriak

Argazki galeria
Bideoa
Non aurkitu gure bulegoak?