Bermeoko eta Gernika-Lumoko Udaletako Gazteria Zerbitzuek eta Urremendi Landa Garapen Elkarteak antolatzen duten Busturialdeko V. Enpresa Ideia Lehiaketak baditu irabazleak. Irati Arrien Jauregi gernikarrak lortu du lehenengo saria, 3.000 eurokoa ’Glamping Busturialdea’ izeneko ideiarekin. Bigarren saria, 2.000 eurokoa, Ander Etxaniz de Miguel eta Borja Txertudi Gangoiti busturitarrek lortu dute ‘Hondabizi’ ideiarekin.
Busturialdeko V. Enpresa Ideia Lehiaketaren sari banaketa ekitaldia burutu da Gernika-Lumoko Elai Alai aretoan. Glamping Busturialdea izeneko ideiak jaso du 3.000 euroko lehenengo saria eta Hondabizi ideiarentzat izan da bigarren saria, 2.000 eurokoa. Gainera, Arratzuko Elkartegian urtebeteko langunea ere irabazi dute. Guztira, 13 izan dira eskualdeko ekintzaile gazteek aurkeztu dituzten enpresa ideiak.
Lehenengo saria jaso duen ‘Glamping Busturialdea’ eskualdean kokatuko den eta %100ean jasangarria izango den glamping-a da. Busturialdean turismo natural eta jasangarria sustatzeko ostatu alternatiboa proposatzen du Irati Arrien Jauregi (Gernika, 1996) gazteak. Ideiaren sustatzailea Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntzan (LEINN) graduatua da eta 22 urte ditu eta azken urteetan internazionalizazio eta hezkuntza proiektuetan lanean aritu da mundu osoan. “Mundu osoan gure proiektuek inpaktua zutela ikusten genuen, baia neure inguruaren garapenerako ez nintzela ezer egiten ari konturatu nintzen. Eskualdeko hainbat jardunalditan parte hartu nuen orduan. Eskualdearen aldaketan dudan erantzunkizunaren jabe naiz. Urdaibain garapenerako eta negozioetarako aukerak ikusten ditut”, esan du.
Bigarren saria jaso duen ‘Hondabizi’ ideiak produktu lehiakorrak sortzeko hondakin organikoen kudeaketa, tratamenduak eta balio erantsiko soluzioak eskaintzen ditu. “Ideia sortzen ditugun hondakinek suposatzen duten arazotik agertzen da, hauek kudeatu eta berrerabilpen egoki bat emateko ideiatik. Busturialdean daukagun egoera aztertu ostean sortzen da ideia, merkatua hau garatzeko aukera ikusten dugu eta ingurumenarekin eta jasangarria den bizitzeko modu batekin konpromezua duen enpresa bat martxan jarri nahi dugu”, diote sustatzaileek.
Ander Etxaniz de Miguel (Busturia, 1992) eta Borja Txertudi Gangoiti (Busturia, 1993) biak dira busturitarrak. Etxaniz Geologian graduatua da eta Ingurumenari aplikatutako bioteknologia ikasten ari da. Txertudi, berriz, Elektromekanika ikasitakoa da eta “landa eremuan bizi izaterakoan, txikitatik ezagutu dut hondakin organiko ezberdinen balorizazioa, bai lurren emankortasunerako edo bai erabilera energetikoetarako” dio.
Guztira, 5.000 euro banatu dira saritan, negozio ideiok martxan jartzen laguntzeko, lehiaketaren helburuetako bat, beti ere, eskualdean lanpostu berriak sortzea bermatzea delarik
Guztira, 5.000 euro banatu dira saritan, negozio ideiok martxan jartzen laguntzeko. Lehiaketaren helburuetako bat eskualdean lanpostu berriak sortzea bermatzea da. Gainera, proiektu irabazleek urtebetez Arratzuko Elkartegian langune bat doan erabiltzeko aukera izango dute, Busturialdeko Gazteria zerbitzuek ordainduko baitute langune hori.
Maitane Leizaola, BFAko Bizkaiko Behatokiko Zuzendari Nagusiak; Juan Karlos Agirre, Bermeoko Udaleko Gazteria zinegotziak; Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko Udaleko alkateak eta Urremendi Landa Garapen Elkarteko presidenteak eta Kortezubiko Alkateak, Ibon Legarza Albizurik, parte hartu dute sari banaketan, besteak beste.
Busturialdeko V. Enpresa Ideia Lehiaketa Urremendi Landa Garapen Elkarteak batzen dituen Arratzu, Ereño, Forua, Gautegiz-Arteaga, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka eta Sukarrietako udalek eta Bermeoko eta Gernika-Lumoko udaletako gazteria zerbitzuek jarri dute martxan bosgarren urtez jarraian. Bere helburuak, beste batzuen artean, ekintzailetza kultura hedatzea, Busturialdean lana eta aberastasuna sortzea eta eskualdeko ekonomia sustatzea dira. Lehiaketa, Bizkaiko Foru Aldundiaren ‘Gaztedi Busturialdea’ proiektuan kokatzen da, ‘Lana bilatzea, Lana da’ programaren barne.
Epaimahaia honako hauek osatu dute:
Baloratzerako orduan, honako irizpide hauek hartu dira kontuan: izaera berritzailea, balio erantsia eskaintzea edota originaltasuna; enplegua sortzeko duen potentzialitatea eta sortutako lanpostuen kalitatea; ekintzaile taldeak proiektua aurrera eramateko duen gaitasuna; Busturialdean proiektu hori aurrera eramateko aukera egotea edo eskualde honetan proiektu horrek duen egokitzapena; proiektuaren definizio-garapen maila; proiektuaren jasangarritasuna (ekonomikoki eta ingurugiroarekin) eta duen gizarte-eragina.