Bermeoko eta Gernika-Lumoko Udaletako Gazteria Zerbitzuek, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Ajangiz, Arratzu, Busturia, Elantxobe, Ereño, Errigoiti, Forua, Gautegiz-Arteaga, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka, Murueta, Muxika, Nabarniz eta Sukarrietako Udalak batzen dituen Urremendi Landa Garapen Elkarteak, Busturialdeko IX. Enpresa Ideia Lehiaketako sariak banatu dituzte.
Sari banaketa ekitaldia Busturiako BBK Klima Abenturan burutu da eta zuzenean eman da webgune honen bidez. Haziberriak izeneko ideiak jaso du 3.000 euroko lehenengo saria eta Urdaibai Surf Center (USC) ideiarentzat izan da bigarren saria, 2.000 eurokoa. Diruzko sariaz gain, bi irabazle hauei, Arratzuko Elkartegiko langune bat doan erabiltzeko aukera ere lagako zaie urte batez euren ideia aurrera eramateko. Halaber, Torrealday Aholkularitza empresa gernikarrak irabazleari urtebeterako aholkularitza zerbitzua (zerga, lan eta kontabilitate-aholkularitza) emango dio doan eta bigarrenari, aldiz, sei hilabeterakoa.
Guztira, 10 izan dira eskualdeko ekintzaile gazteek aurkeztu dituzten enpresa ideiak.
Ideia irabazlea, HAZIBERRIAK, Iñigo Arruabarrenak (33 urte, Ibarrangelu. Nekazaritzako ingeniari teknikoa) bultzatutakoa izan da. Zerbitzua espazio naturalen diseinuan eta instalazioan oinarritzen da, permakultura zein nekazaritza eta abeltzaintza erregeneratiboaren ekarpenak kontuan hartuz. Eskainiko diren diseinu hauek hainbat elementu desberdin izango dituzte, haien artean elkarlana nabarmentzen da. Atal bakoitza sistema osoaren onura bilatuz diseinatzen da: ortuak, berotegiak, basoak, abeltzaintza, energia sistemak, hidrologia-diseinuak… “Orain arte Euskal Herrian ez da landa eremuak diseinatzeko joerarik izan, eta ondorioz, elikagaien ekoizpen prozesuetan efizientzia eta bioaniztasun galera izugarriak izan dira. Diseinu era honek, gure arbasoen ezagutza tradizionala eta teknologia batzen ditu, sistema guztiaren onurarako”, adierazi du Iñigok.
Bigarren saria, 2.000 eurokoa, URDAIBAI SURF CENTER (USC) proiektuak lortu du. Proposamenaren atzean Unai Romero dago (22 urte, Busturia. ADEko ikaslea). Irristatze-kiroletarako parke tematikoen ideiarekin lotutako kontzeptu berri bat da aurkeztutakoa. Mota horretako kirolak segurtasun eta erosotasun giroan egitea ahalbidetu nahi du. Erakargarri nagusia olatuen igerilekua da. 400-600 m2-ko azalerarekin, 40zm eta metro bat bitarteko olatuak sortzen ditu, ezin hobeak kirola egiten hasteko. Erakargarri osagarria Pump Truck-a da (Skate Park). Hemen irristatze-kirolen teknika eta ezagutza teorikoak praktikatzen dira gaian adituak diren monitoreekin.
Bestalde, ETXETXU TOMATIEK proiektuak lehen sektorearekin lotutako ideiarik onenaren saria lortu du (1.000 eurokoa). Tomateen salmentan oinarritzen den enpresa-ideia bat da. Jon Gerrikaetxebarriak (32 urte, Gernika-Lumo) azaldu duenez, bere produktu nagusia, dagoeneko merkaturatzen ari dena, negutegiko tomatea da, duela 50 urte baino gehiagotik hazia mantentzen eta gordetzen duen tomatea. Hazia berea denez, urtez urte aukeratzen ditu berarentzat tomaterik onenak direnak. Produktu onena nahi duten bezeroei zuzendutako proiektua da. Gaur egun, GazteNek Berri laguntza-programaren parte da.
Eta, amaitzeko, ZURESKU proiektuak esparru teknologikoko Start Up bat sortzeko edo garatzeko enpresa-ideia onenaren saria lortu du, 1.000 eurokoa. Marta Bosquet (25 urte, Bilbo. ADE + Kontuen Ikuskaritzako Masterra), Nora Ercoreca (24 urte, Bilbo. Gradua Gizarte Hezkuntzan eta Kirola, Hezkuntza eta Bizikidetzan Masterra egiten) eta Mikel Gimenoren (24 urte, Bakio. Industria Ingeniaritzako ikaslea) negozio ideia hau, Bermeoko ostalaritza eta baserriak/nekazariak biltzen dituen aplikazio batean laburbiltzen da, egunez egun aprobetxatzen ez dituzten produktuei irteera bat eman nahian, beren jarduera eta lehengaia ahalik eta gehien ustiatuz.
Hiri handietan “Too Good to go” bezalako aplikatiboak aurki daitezkeen bezala, ez dute uste oraingoz teknologia hori landa-inguruneari aplika dakiokeenik; beraz, hala badagokio, proiektua aplikazio-eredu erraz bat ezartzean datza, publiko objektiboarentzat irisgarria – oso publiko zabala –, Busturialde osoa konektatuko duen sare bat sortu ahal izateko itxaropenarekin. “Gure helburua eskura ditugun baliabideak aprobetxatzea eta gure ingurunean kontsumo arduratsua egitea da; izan ere, gaur egun, gure inguruan zakarrontzira botatzen den janari kantitatearen lekuko gara, eta munduaren etorkizuna gure adineko jendearen esku dagoela uste dugu”, adierazi dute.
Guztira, 7.000 euro banatu dira gazte ekintzaileei laguntzeko enpresa-proiektu berriak abian jartzeko
Lehiaketa eskualdeko gazteei zuzenduta dago, eta Busturialdeko gazteen artean kultura ekintzailea sustatzea eta enplegua sortzea du helburu.
Sariak Ager Lejarreta Urremendi Landa Garapen Elkarteko lehendakariak eta Lourdes San Severino eta Alazne Zumeta Gernika-Lumoko eta Bermeoko Udaletako Gazteria zinegotziek banatu dituzte, hurrenez hurren.
Epaimahaia honako hauek osatu dute: Joseba Irazabal, Gernika-Lumoko Udaleko ordezkaria eta Lanbide Ekimenak-eko Autoenplegu eta Enpresa teknikaria; Mikel Magunazelaia Pinaga, Busturialdeko Urremendi Landa Garapen Elkarteko ordezkaria eta Foruko alkatea; Nerea Mintegi, Bermeoko Udaleko ordezkaria eta Bermeoaldeko Behargintzako zuzendaria; Leire Zaballa, Bizkaian HAZIko ekintzailetza-teknikaria; Unai Gorroño, Egoin S.A.ko marketin-zuzendaria; Begoña Andres, IES Barrutialdeko zuzendaria eta Bibiana Garcia Rodrigo, Bizkaiko Foru Aldundiko Eskualde Garapeneko Zerbitzuko teknikaria. Epaimahaiak proposamenen izaera berritzailea, balio erantsia eskaintzea eta originaltasuna baloratu ditu; kalitatea eta enplegua sortzeko potentzialitatea edo proiektua eskualdean garatzeko aukerak ere bai, besteak beste.
Lehiaketa 18 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, laneratzea errazteko, ideia berritzaileei irteera emateko eta enpresa interesak saritzeko.