Ekintzailetza
Jarri martxan!
Irabazlea Aritz Urriolabeitia eta Eneko Uriarte - TRUSTLETTERS - Muxika/Gasteiz

Busturialdeko IV. Enpresa Ideia Lehiaketa

2017/12/15 - Bermeoko Nestor Basterretxea aretoan burutu da sari banaketa

Bermeoko eta Gernika-Lumoko Udaletako Gazteria Zerbitzuek eta Urremendi Landa Garapen Elkarteak antolatzen duten Busturialdeko IV. Enpresa Ideia Lehiaketak baditu irabazleak. Aritz Urriolabeitia Arrien eta Eneko Uriarte Román gazteek eskuratu dute lehen saria, 3.000 eurokoa, ‘Trustletters’ izeneko ideiarekin. Bigarren saria, 2.000 eurokoa, Jon Ander Urrestik, Maite Aizpuruak eta Aitane Goñik lortu dute ‘Hil Argi’ ideiarekin. Maddi Amezaga Arriagak aurkeztutako ‘Oraska S.L.’ enpresak lehen sektorearekin zerikusia duen ideia onenaren saria jaso du.

Busturialdeko IV. Enpresa Ideia Lehiaketaren sari banaketa ekitaldia burutu da abenduaren 15ean Bermeoko Nestor Basterretxea aretoan. Trustletters izeneko ideiak jaso du 3.000 euroko lehen saria eta Hil Argi ideiarentzat izan da bigarren saria, 2.000 eurokoa. Gainera, Arratzuko Elkartegian urtebeteko langunea irabazi dute. Lehen sektorearekin zerikusia duen enpresa ideiarik onenaren 1.000 euroko saria, bestalde, Oraska S.L.-k eraman du. Guztira, 15 izan dira eskualdeko ekintzaile gazteek aurkeztu dituzten enpresa ideiak, joan zen urteko parte-hartzea bikoiztuz.

Lehenengo saria jaso duen Trustletters erabiltze egiaztatudun posta elektronikoa da. Hau da, erabiltzaileak egiaztatu egin behar dira, beraien nortasun agiria aurkeztu behar dute. Beraz, aurrerantzean posta elektronikoa ez da anonimoa izango, igorlearen izena agertuko baita beti, egiaztatua izango baita aurretik beti. Ideiaren sortzaileak, Aritz Urriolabeitia Arrien (Muxika, 1992) eta Eneko Uriarte Román (Gasteiz, 1995) dira. Biak dira Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan Graduatuak.

Bigarren saria jaso duen Hil Argi ideiak heriotza onaren eskubidearen mesedetan gizartearen beharrizanei erantzuteko proiektua izan nahi du, hileta laikoen zerbitzua, alegia. Beti ere, lekuko proiektua eta bezeroekin harreman hurbilean oinarritzen den proiektua izanik. Hil Argik hiru ildo nagusitan garatzea du helburu: hileta zerbitzuak, esku-hartze soziala eta ikerketa soziala eta estetikoa.

Jon Ander Urresti Ugalde (Bermeo, 1992), Aitane Goñi Landa (Meñaka, 1990) eta Maite Aizpurua Olaizola (Zumaia, 1990) gazteak dira ideiaren sortzaileak. Jon Ander Filosofian Graduatua da, Aitane Soziologian Lizentziatua eta Antropologia Sozial eta Kulturalean Lizentziatua eta Maite, berriz, Historian Lizentziatua.

Bestalde, lehen sektorearekin zerikusia duen enpresa ideiarik onenaren saria Oraska S.L.-k eraman du. Oraska proiektua Errigoitin kokatutako artisau-ogi ekologikoa egingo duen lantegia da, garia edo beste zereal batzuetatik eratorritako produktuak eskainiko dituena. Gainera, Oraskak produktuen eskaintza zabalduko du etorkizunean, ortuko produktu ekologikoak eskainiko baititu. Oraskaren filosofia agroekologian oinarrituko da, hau da, produkzio prozesuan gardentasuna, ekoizle eta kontsumitzailearen arteko hurbiltasuna, biodibertsitatearen zaintza, autogestiorako gaitasuna eta elikadura-subiranotasuna.

Ideiaren sortzailea, Maddi Amezaga Arriaga (Errigoiti, 1996) da. Maddi Amezaga Nekazaritza eta Abeltzaintza Ekologikoan teknikaria da. Joan zen urtean lehen saria eraman zuen Aldapeko Ahuntz Esnekiak ideiarekin.

Guztira, 6.000 euro banatu dira sarietan, negozio ideiok martxan jartzen laguntzeko, lehiaketaren helburuetako bat, beti ere, eskualdean lanpostu berrien sorrera bermatzea delarik

Maitane Leizaola, BFAko Bizkaiko Behatokiko Zuzendari Nagusiak; Juan Karlos Agirre, Bermeoko Udaleko Gazteria zinegotziak; Lourdes San Severino, Gernika-Lumoko Udaleko Gazteria zinegotziak eta Urremendi Landa Garapen Elkarteko presidenteak eta Mendatako Alkateak, Joseba Mallea Lamikiz, parte hartu dute ekitaldian, beste batzuen artean.

Busturialdeko IV. Enpresa Ideia Lehiaketa Urremendi Landa Garapen Elkarteak batzen dituen Arratzu, Ereño, Forua, Gautegiz-Arteaga, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka eta Sukarrietako udalek eta Bermeoko eta Gernika-Lumoko udaletako Gazteria Zerbitzuek jarri dute martxan laugarren urtez jarraian. Bere helburuak, beste batzuen artean, ekintzailetza kultura hedatzea, Busturialdean lana eta aberastasuna sortzea eta eskualdeko ekonomia sustatzea dira. Lehiaketa, Bizkaiko Foru Aldundiaren ‘Gaztedi Busturialdea’ proiektuan kokatzen da, ‘Lana bilatzea, Lana da’ programaren barne.

Epaimahaia honako hauek osatu dute:

  • Bermeoko Udaleko ordezkaria: Nere Mintegi Elorriaga (Behargintzako Zuzendaria).
  • Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkaria: Aritz Kobeaga Arranz (BEAZeko teknikaria).
  • Gernika-Lumoko Udaleko ordezkaria: Joseba Irazabal Obieta (Lanbide Ekimenak-eko teknikaria).
  • HAZIko ordezkaria: Leire Zaballa.
  • Urremendi LGEko ordezkaria: Joseba Mallea Lamikiz.

Enpresa ideiak baloratzeko orduan, honako irizpide hauek kontuan hartu dira: berritzaile izaera, balio erantsia eskaintzea edota originaltasuna; enplegua sortzeko duen potentzialitatea eta sortutako lanpostuen kalitatea; ekintzaile taldeak proiektua aurrera eramateko duen gaitasuna; Busturialdeko eskualdean proiektu hori aurrera eramateko aukera egotea edo eskualde honetan proiektu horrek duen egokitzapena; proiektuaren definizio-garapen maila; proiektuaren jasangarritasuna (ekonomikoki eta ingurugiroarekin) eta duen gizarte-eragina.

Argazki galeria
Bideoa
Non aurkitu gure bulegoak?