Ekintzailetza
Jarri martxan!
Irabazlea Ibon Reinoso, Eneko Gonzalez eta Mikel Amutio - ArrAIn - Bermeo eta Etxebarri

Busturialdeko VII. Enpresa Ideia Lehiaketa

2020/12/17 - Sari banaketa Online burutu da eta zuzenean eman da (streaming bidez)

Bermeoko eta Gernika-Lumoko Udaletako gazteria zerbitzuek eta Urremendi Landa Garapen Elkartean batzen diren Ajangiz, Arratzu, Busturia, Ereño, Forua, Gautegiz Arteaga, Kortezubi, Mendata, Mundaka, Morga, Murueta, Nabarniz eta Sukarrietako udalek antolatzen duten Busturialdeko VII. Enpresa Ideia Lehiaketak baditu irabazleak. ‘ArrAIn’ izeneko ideiak lortu du lehenengo saria, 3.000 eurokoa eta ‘N’ Espacio para eventos y alojamiento rural izenekoak bigarrena, 2.000 eurokoa. Lehen sektorearekin lotutako ideia onenaren saria, berriz, ‘Bertokuek’ enpresarentzat izan da eta COVID-19aren eragina arintzera bideratutako enpresa ideia onena ‘DI-DA Busturialdeko Delivery Zerbitzua’ ideiak eraman du. Azken bi hauek 1.000 euroko sari bana lortu dute.

Online burutu da Busturialdeko VII. Enpresa Ideia lehiaketaren sari banaketa ekitaldia eta zuzenean eman da streaming bidez. ‘ArrAIn’ izeneko ideiak jaso du 3.000 euroko lehenengo saria eta ‘N’ Espacio para eventos y alojamiento rural ideiak 2.000 euroko bigarren saria. Enpresa ideia bi hauen sustatzaileek, gainera, Arratzuko Elkartegiko langune bat doan erabiltzeko aukera ere izango dute urte batez euren ideia aurrera eramateko. Halaber, Torrealday Aholkularitza empresak irabazleari urtebeterako aholkularitza zerbitzua (zerga, lan eta kontabilitate-aholkularitza) eman dio doan eta bigarrenari, aldiz, sei hilabeterakoa. Guztira, 32 izan dira eskualdeko ekintzaile gazteek aurkeztu dituzten enpresa ideiak, inoiz baino gehiago.

Lehenengo saria jaso duen ArrAIn ideia, proiekzio konputazionalean, adimen artifizialean eta Big Datan oinarritutako sistema da. Ibon Reinoso (Bermeo, 1994) bermeotarra eta Eneko Gonzalez de Audikana (Etxebarri, 1996) eta Mikel Amutio (Etxebarri, 1996) dira ideiaren hiru sustatzaileak.

Aipatu dutenez, “eskandailua monitorizatu eta doitzeko erabiliko da, une honetan erabiltzen den teknika tradizionala, oso motela eta zehaztasun gutxikoa baita. Sistema horri esker, ontzi jakin batean harrapatutako espezieei buruzko informazioa zehatz eta denbora errealean monitorizatu ahal izango da, hobeto saldu ahal izateko. Gainera, arrantzaguneen trazabilitatea ez ezik, harrapatutako populazioa tailaketaren bidez ikusteko gaitasuna ere kontuan hartuko da”.

“Gure ustez, itsas sektorea babesteko ardura dugu, historikoa delako gurean. Arrantza-sektorea bolada txarrean dago eta, ondorioz, itsasotik bizi diren familia osoak arriskuan daude”, gaineratu du Ibon Reinosok, ideiaren sustatzaileetako batek.

Bigarren saria ‘N’ Espacio para eventos y alojamiento rural izeneko enpresa ideiarentzat izan da. Ekitaldietarako eta landa-ostaturako gunea da ‘N’, Gernika-Lumoko Cid Foruria neba-arreben eskutik, Yaiza (Gernika-Lumo, 1986), Ania (Gernika-Lumo, 1990) eta Aser (Gernika-Lumo, 1999). Ideia euren ekitaldi-enpresa propioa sortu zutenean espazio falta zegoela ikusi eta sortu zen. “Ekitaldiaren zerbitzu integrala eskaini nahi dugu, enpresa, erakunde eta partikularrek kultura, enpresa edo gizarte arloko ekitaldiak alokatu eta horiei lekua egin ahal izateko. Bertan, gainera, bertaratzen direnek ostatu hartu ahal izango dute. Gure eskualdean esperientziak sortzeko gune bat, non ekitaldien eta aisialdiaren sektoreko enpresek beren produktua gure ingurunean eskaini ahal izango duten”, aipatu dute.

Lehen sektorearekin lotutako ideia onena Bertokuek enpresa izan da. Xabier Ortuzarrek (Bermeo, 1986), Mikel Vallek (Bermeo, 1986) eta Endika Baonzak (Bermeo, 1998) aurten martxan jarritako enpresak bi ardatz ditu: batetik bertoko produktuen kontsumoa sustatu eta gure ekoizleak balioan jartzea eta, bestetik, inguruko soroak eta bedarguneak biziberritu eta aktibatzea. “Gure esku dagoen guztia egingo dugu bertoko ekoizleak gure egunerokotasunera ekartzeko, promozioa, banaketa… Ekoizle eta kontsumitzaileen arteko erlazio bat sortu nahi dugu eta horretarako Bermeon denda bat ireki dugu. Gainera, inguruko soroak egokitzeko mantenu-lanak ere eskainiko doguz”, aipatu dabe sustatzaileek.

Martxotik bizi dugun ezhoiko pandemia egoera dela eta, bigarren sari berezia COVID-19ak eragindako egoera arintzera bideratutako ideia onenari eman zaio, ‘DI-DA Busturialdeko Delivery Zerbitzua’ izenekoari, hain justu. Bitartekari lanak egiten dituen zerbitzu-enpresa da, Delivery-az, hau da, denda eta jatetxeetatik etxeetara produktuak garraiatzeaz arduratzen dena. “Ez gara jatetxeetako janaria entregatzeaz soilik ari. DI-DA enpresako garraiolariek denetarik eramango dute etxeetara (supermerkatuko erosketa, medikamentuak, ferreteriako produktuak, ogia, tabakoa, optikako lentilak, e.a.) komisio baten truke”, esan dute Leire Gomezek (Gernika_lumo, 1998) eta Olaia Arejitak (Arratzu, 1997) , ideiaren sustatzaileak.

Guztira, 7.000 euro banatu dira saritan negozio ideiok martxan jartzen laguntzeko

Sari banaketa ekitaldia online burutu da, zuzeneko streaming bidez www.gaztedibusturialdea.eus webgunearen bitartez. Ekitaldiak honakoak batu ditu zuzenean: Joseba Mariezkurrena, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomi Sustapen Saileko Zuzendaria; Aritz Abaroa, Bermeoko alkate-jauna; Jon Lejarraga, Gernika-Lumoko zinegotzia eta Urremendi Landa Garapen Elkarteko presidente eta Ereñoko alkateorde, Ager Lejarreta.

Busturialdeko VII. Enpresa Ideia lehiaketa Urremendi Landa Garapen Elkarteak batzen dituen Ajangiz, Arratzu, Busturia, Ereño, Forua, Gautegiz-Arteaga, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka, Murueta, Nabarniz eta Sukarrietako udalek eta Bermeoko eta Gernika-Lumoko udaletako gazteria zerbitzuek jarri dute martxan zazpigarren urtez jarraian. Bere helburuak, beste batzuen artean, ekintzailetza kultura hedatzea, Busturialdean lana eta aberastasuna sortzea eta eskualdeko ekonomia sustatzea dira. Lehiaketa, Bizkaiko Foru Aldundiaren ‘Gaztedi Busturialdea’ proiektuan kokatzen da, ‘Lana bilatzea, Lana da’ programaren barne.

Epaimahaia honako hauek osatu dute:

  • Bermeoko Udaleko ordezkaria: Nerea Mintegi Elorriaga (Behargintzako zuzendaria).
  • Gernika-Lumoko Udaleko ordezkaria: Joseba Irazabal Obieta (Lanbide Ekimenak-eko teknikaria).
  • Urremendi LGEko ordezkaria: Joseba Mallea Lamikiz (Gaztedi Busturialdeako ordezkaria).
  • Barrutialde Institutuko zuzendaria: Begoña Andrés Elorriaga.
  • HAZIko ordezkaria: Leire Zaballa Larizgoitia (Ekintzailetza teknikaria).

Baloratzerako orduan, honako irizpide hauek hartu dira kontuan: izaera berritzailea, balio erantsia eskaintzea edota originaltasuna; enplegua sortzeko duen potentzialitatea eta sortutako lanpostuen kalitatea; ekintzaile taldeak proiektua aurrera eramateko duen gaitasuna; Busturialdean proiektu hori aurrera eramateko aukera egotea edo eskualde honetan proiektu horrek duen egokitzapena; proiektuaren definizio-garapen maila; proiektuaren jasangarritasuna (ekonomikoki eta ingurugiroarekin) eta duen gizarte-eragina.

Argazki galeria
Non aurkitu gure bulegoak?